Patxi Larrainzar ikastetxe publikoa Iruñeko iparraldeko Errotxapea (edo Arrotxapea) auzoan dago. Auzune hau hiriko aitzinenetarikoa da, baina orduan oso desberdina zen. Etxebizitza gehienak Marcelo Celayeta etorbidearen ertzeetan biltzen ziren eta gainerakoa, etxebizitza multzo batzuk izan ezik, baratzak, tailerrak eta fabrikak ziren.
1992. urtean Arrotxapeako Plan Partziala martxan hasi zen, Iruñeko HAPOren barrenean (Hirigintzaren Antolamendurako Plan Orokorra), eta haren ondorioz ingurune fisikoak aldaketa nabarmenak jaso zituen, gaur egun dena urbanizatuta egon arte. Karrika eta etorbide berriak sortu dira eta ehundaka etxebizitza eraiki dira.
Aldaketa urbanistikoarekin, jende gaztea etorri zen bizitzera, gehienek seme-alabarik ez zuten bikoteak edo txiki-txikiak zituztenak. Fenomeno honek, populazio mailan, oreka ekarri dio Errotxapeari eta bertako biztanleen maila sozialari ere. Iruñeko Udalaren Soziologia Unitateak eman dituen datuen arabera, Iruñeko auzorik jendetsuena da, 27.000 biztanle inguruekin (2024. urtean).
Errotxapeako hizkuntza nagusia gaztelania da, euskara bigarrena izanda. Auzoko hizkuntza egoerak, Iruñerri osoko egoerarekin bat egiten du.
ESKOLAREN EZAUGARRIAK
Patxi Larrainzar ikastetxea titulartasun publikoa duen D erduko zentroa da eta HHko bigarren zikloa eta LHko etapa barne hartzen ditu.
D erdua 1996-1997 ikasturtean hasi zen Ave Maria ikastetxearen barrenean. 2001-2002 ikasturtean Hezkuntza Departamenduak bi zentro sortu zituen ikastetxe berean: Ave Maria I eta Ave Maria II (egun Patxi Larrainzar dena).
Ikasleen ezaugarriak: ikasle gehienak Errotxapeakoak dira; baina inguruko guneetako zenbait ikaslek ere Patxi Larrainzarren ikasten dute, esate baterako Sanduzelaikoek, Artikakoek eta Buztintxurikoek.